• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Mir

Tresna teknopolitikoak

2010(e)ko apirilak 3 20:01 / / Txopi

abildua bonba
Irudi originala

Gaur tresna teknopolitikoei buruz hitz egingo dut, hau da, helburu politikoak aurrera ateratzeko balio duten programa eta gailu teknologikoei buruz. Hori esatea eta ezer ez esatea ia berdina da, edozein tresnak balio baitezake helburu politikoentzako. Hala ere, badira gizarte mugimenduek beraien jardunean dezente erabili dituzten eta erabiltzen dituzten teknologia batzuk. Baita helburu politikoekin sortuak izan diren tresnak ere eta, batzuekin eta besteekin, errepaso txiki bat egin nahi dut.

Orain arte

Denboran atzera begiratzen baldin badugu, energia nuklearraren aurkako aktibista batek, Phil Zimmermann estatubatuarrak, 1990eko hamarkadaren hasieran sortutako PGP (Pretty Goog Privacy) programa nabarmentzen da. Informatikari gazte honek, jendeak ordenagailuen bitartez pribatutasunez hitz egitea ahalbidetu zuen, e-mailak eta fitxategiak matematikoki zifratzen zituen programa bat sortuz. PGP delakoak, gako publikodun kriptografia modernoa erabiltzen du eta teknologia hau hain da boteretsua, igortzailea edo jasotzailea ez den inortxok ezin dituela edukiak baimenik gabe eskuratu.

Gaur egun harrigarria iruditu badaiteke ere (edo ez), Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak PGP programa “arma” bat bezala sailkatu zuen eta Zimmermannen aurka egin zuen. Baina Zimmermann ez zen kikildu eta adierazpen askatasuna eta komunikazioen pribatutasuna defendatzen jarraitu zuen. Arazo legalak izan zituen urte luzez eta espetxeratua izateko arriskuan ere egon zen. Baina, azkenean, garaile atera zen eta gaur egun gako publikodun kriptografia asko hedatu da. Kutxazain bat edo telefono mugikor bat erabiltzen dugunean adibidez, teknologia hau erabiltzen ari gara.

Batek baino gehiagok PGP programa entzuna izango du, ETAk erabiltzen baitu bait zuen. Hedabide korporatiboek, sortu zenetik, programa honen aurka eta kriptografiaren aurka hitz egin dute behin eta berriz, teknologia hau merkataritza elektronikoaren zutabea dela ahazten bazaie ere. Enpresa multinazional batek PGPren garapena egiten zuen enpresa erosi zuenean, Zimmermannek enpresa utzi eta software librearen aldeko apustua egin zuen, gaur egun jende gehienak GnuPG zifratze programa librea erabiltzen duelarik. Orain dela hamarkada batzuk, gizarte mugimenduak, Internet bera gorpuztu aurretik ere, BBSak eta Newsgroup taldeak erabiltzen hasi ziren beraien barne koordinaziorako.

Geroztik hona, zenbatezinak bihurtu dira posta elektronikoa eta posta zerrendak erabiltzen dituzten gizarte mugimenduak: talde ekologistak, genero berdintasunaren aldeko taldeak, altermundializazioaren aldeko taldeak, elkarteak, sindikatuak, gaztetxeak, kapitalismoaren aurkako taldeak, anarkistak, eta abar luze bat.

Gehienek Mailman izena duen posta zerrenda kudeatzailea erabiltzen dute. Batzuek, posta zerrenda zifratuak erabiltzen dituzte (adibidez Sympa programaren bitartez). Guztiak software librea dira, edonork Internetetik jaitsi eta askatasun osoz erabil ditzakeelarik.

Txatak ere tradizio nahiko du gizarte mugimendu bat baino gehiagotan, posta elektronikoak ez bezala, presentziazko asanbladetan bezala era zuzenean hitz egiteko aukera ematen baitu txat bidezko komunikazioak. Indymedia Euskal Herriak adibidez, bere sorreratik IRC txat kanal bat dauka.

Euskal Irrati libre bat baino gehiagotan ere (Tas-Tas, Arraio, etab.) txat bidezko komunikazioa erabiltzen dute noizbehinka. Ez hori bakarrik, irrati libre gehienek, uhin hertziarrak erabiltzeaz gain Internet bitartez ere (streaming teknika erabiliz) beraien saioak mundu osora zabaltzen dituzte: Koska, Irola, Hala bedi, Garraxi, Txapa, Txolarre, Gure irratia, Zintzilik, etab. Horretarako, Icecast bezalako streaming zerbitzari libreak erabiltzen dituzte.

Aipatutako Indymedia proiektua, aitzindari izan zen gizarte mugimenduen ahotsa indartzeko teknologia berrien aldeko apustu berritzailea egin zuenean. 1999. urtean, Seattlen, Mundu Merkataritzaren Erakundearen aurkako protestak ikustarazteko, hedabide independenteen lehen gunea sortu zen eta ordutik hona, 200 gune sortu dira mundu osoan zehar. Webgune hauek albisteak era kronologikoan erakusten zituzten, gaur egun hain ezagunak bihurtu diren blogak sustatuz. Indymedia Euskal Herriak, adibidez, MIR software librea erabiltzen du, baina gizarte mugimenduetan ohikoak dira blogak sortzeko beste programa batzuk ere: WordPress, Drupal, Joomla!, etab.

Ikus daitekeenez, tresna teknopolitiko asko dago, baina gehienek erabilera bat baino gehiago izan dezakete. Ez da horrela NetStrike edo Internet bidezko manifestazioak burutzeko erabil daitezkeen softwareen kasuan.

Oso mota desberdinetako programatxo hauek, sarearen bitartez protesta bat egiteko aukera ematen dute, jende andanak aukeratutako webgune edo webguneak gainez egitea lortuz. Manifestazio fisikoek leku publikoak (kaleak) hartzen dituzten bezala, manifestazio birtualek webgune publikoak hartzen dituzte. Protesta modu hau Italian hasi zen lehenengoz baina Euskal Herrian ere izan da NetStrike bat baino gehiago.

Gaur egun

Azken urteotan teknologiaren bitartez politika egiteko erabili diren teknologia batzuk errepasatu ditugu. Gaur egun, BBS eta Newsgroup taldeak kenduta, aipatutako tresna horiek guztiak oraindik ere erabili egiten dira. Guztiak. Baina, hala ere, denborak aurrera egin ahala, joerak aldatzen joan dira eta tresna batzuk gutxiago erabiltzen diren bitartean, beste batzuk gero eta gehiago erabiltzen dira.

Gaur egun, jarduera politikoan (bai gizarte mugimenduenean eta baita alderdi politikoenean ere), Web 2.0 izenarekin ezagutzen diren webguneak asko erabiltzen dira: blogak, wikiak, albiste, argazki eta bideo partekatzaileak, etab. Webgune sozialak deitzen direnak, inoiz baino zabalduago daude gaur egun eta datozen urteotan ere joera mantenduko dela dirudi.

Software librea den Crabgrass bidezko sare sozial politiko bat ere badago, baina badirudi webgune sozialek biltzen dituzten komunitateetan, gai politikoen inguruan talde zehaztuak egon beharrean, proposatzen diren ekimen desberdinen inguruan, gero eta gehiago, bildu eta koordinatzen diren jende multzo heterogeneoak daudela.

Atzean enpresak dituzten Facebook, Twitter eta antzeko sare sozial jeneraletan, ohikoa da jendeak bere lagun eta ezagunei oso gai desberdinen inguruko proposamenak egitea, eta, ondoren, ekimen baten inguruan jendea biltzea eta lanean hastea ere. Hitzaldi bat, manifestazio bat, truke azoka bat edo beste edozer gauza izan daiteke.

Ezaguna da adibidez, iaz, munduan zehar barreiaturik dauden kolonbiarrek, Facebooki esker munduko ehun hiri baino gehiagotan antolatu zituzten manifestazio bateratuak. Ezagunak dira baita ere, 2004. urtean, Madrileko “Martxoaren 13a” delakoaren ondoren, madrildarrek telefono mugikorren bitartez antolatu zituzten protestak. Azken finean, telefono mugikorretako agendan gordetzen ditugun lagun eta ezagunen kontaktuek, sare sozial bat eratzen dute…

Etorkizuna

Etorkizunean zehatz-mehatz zer gertatuko den asmatzea ezinezkoa da, baina egungo joerak ikusita, badirudi gaika banatzen diren posta zerrendetako eta webgunetako komunitateak bigarren maila batetan geratzen joango direla eta politika kontuak sare sozial heterogeneoetan gero eta gehiago jorratuko direla, beste gai askorekin batera: aisia, kultura, hezkuntza, etab.

Horren adibide dira azken aste eta hilabeteetan Internet bitartez burutzen ari diren gero eta sinadura bilketa ugariagoak (SoftwareLibreaNahiDugu.org, PuntuEus.org) edo XMailer software librearen bitartez europar parlamentariei bidali berri zaizkien miloi erdi e-mailak. Ekimen hauek guztiak sare sozial jeneralak erabili dituzte aditzera emateko.

Horri, aktibista batzuek telefono mugikorrentzako sortu duten CryptoSMS programa librea (SMS bitartez informazio zifratua bidaltzeko tresna bat da) gehitzen baldin badiogu, teknologiaren erabilera politikoa gero eta erabilerrazagoa izango dela eta gero eta zabalduagoa egongo dela ere ondoriozta daiteke.

Beraz, argi dago sare sozialen bitartez gauzatzen diren bat-bateko ekimen politikoak gero eta ugariagoak direla. Etorkizunean ekimen teknopolitikoak are ugariagoak izango direla dirudi.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko maiatzaren 8an argitaratu zen.

Zuzenketa (2010/04/14):  Artikulu honetan dioenaren arabera ETAk jada ez du PGP erabiltzen, baizik eta TrueCrypt.

/ Etiketatua: crabgrass, cryptosms, eta, gara, gaur8, gnupg, mailman, mir, netstrike, sare sozialak, sympa, xmailer

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress