• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Kapitalismoa

#AldaketaGlobala Euskal Herrian

2011(e)ko urriak 13 23:48 / Iruzkin 1 / Txopi

Orain arte euskaldunon artean oihartzun asko izan ez badu ere, munduko gero eta txoko gehiagotara heltzen ari den haserre-olatua gurera heldu da. Larunbat honetarako, Urriak 15, manifestazio eta antzeko ekitaldien deialdi mundiala dago eta Euskal Herriko sei hiri hauetatik gertuen duzunera joateko aukera duzu:

  • Baiona, Askatasuna plazan 10:30etan
  • Donostia, Bulebarrean 18:00etan
  • Bilbo, Bihotz Sakratu plazan 18:30etan
  • Gasteiz, Prado parkean 19:00etan
  • Iruñea, Gaztelu plazan ekitaldi ugari
  • Tutera, Foruen plazan 14:00etan

Egun horretarako atera den webguneak oraintxe bertan dioenaren arabera, munduko 866 hiri desberdinetan batera burutuko dira manifestaldiak. 867, 868, …

Manifestuak honela dio:

Urriak 15 – Aldaketa global batean batuak

Urriaren 15ean mundu osoko pertsonek kaleak eta plazak hartuko dituzte. Ameriketatik Asiara, Afrikatik Europara, jendea bere eskubideak aldarrikatzeko altxatzen ari da, benetako demokrazia bat eskatzeko. Orain guztiok batzeko garaia heldu da, mundu mailako eta bortizkeriarik gabeko protesta global batean.

Ezarritako botereek gutxi batzuen onurarako diardute, gehiengoaren nahiei entzungor eginez eta datozen ordain gizatiar eta ekologikoei jaramonik egin gabe. Egoera jasanezin honekin bukatu behar dugu.

Ahots bakarrean bilduta, politikoei jakinaraziko diegu, eta baita zerbitzatzen dituzten finantza-eliteei ere, orain gu garela, herria, gure etorkizuna erabakiko dugunak. Ez gara ordezkatzen ez gaituzten politikari eta bankarien merkantzia.

Urriaren 15ean kaleetan aurkituko gara bilatzen dugun aldaketa globala abian jartzeko. Hau lortu arte, era baketsuan manifestatuko gara, eztabaidatuko dugu eta antolatu egingo gara.

Gu batzeko ordua da. Entzun gaitzaten ordua da.

Urriaren 15ean munduko kaleak hartu ditzagun!

Bideo hauetan mugimenduaren arrazoi eta proposamen batzuk ezagutu ditzakezu. Zatoz!

Eta mugimendua ez da gelditzen: 16an Durangaldean truke merkatua, 21ean Barakaldon zine-foruma, eta abar.

Zuzenketa (2011/11/15) Sustatuko iruzkin honek azaltzen duenez, Gasteizko ekitaldia Konstituzio plazan da. Gaur Urriak 15 da eta 15october webgunean gaurko egunerako 1.039 ekitaldi agertzen dira mundu osoan.

/ Etiketatua: ekologia, eskubideak, euskal herria, kapitalismoa

Koltana, teknologia berrien sekretu iluna

2010(e)ko otsailak 28 13:40 / / Txopi

Orain dela urte batzuetako ordenagailuak ikusgarri txikitu dira. Sakelako telefonoak ere asmatu ziren eta orain zenbatezinak dira. Gaur egun, neurri, helburu eta kolore guztietako aparatu elektronikoak erabiltzen ditugu: argazki kamerak, MP3-ak, MP4-ak, iPod-ak, iPhone-ak, PlayStationak, eta abar. Aparatu horiek guztiek gero eta zirkuitu elektroniko konplexuagoak dituzte, bateriek gero eta gehiago irauten dute eta, hala ere, gero eta txikiagoak dira, gero eta gutxiago berotzen dira eta gero eta pisu gutxiago dute. Nola izan daiteke? Zeri esker lortzen dira hainbeste aurrerapen eremu honetan? Hein handi batetan, aipatutako aurrerapen horiek guztiak, gauza bakarrari esker eman dira: koltan minerala.

Koltana, edo kolunbita-tantalioa, osagarri bi dituen minerala da. Kolunbitak ez dauka ezaugarri berezirik eta baztertu egiten da, baina tantalioaren ezaugarriek elektronikarako oso aproposa egiten dute: orain arte beti erabiltzen zen kobrea baino %80 eroale hobeagoa da, beroari bikain eusten dio eta berarekin egin daitezkeen hariak kobrearenak baino ehun aldiz finagoak dira. Eta hori guztia gutxi balitz, ez da herdoiltzen (azido fluorhidrikoarekin bakarrik).

Hori da, beraz, geroz eta aparatu elektroniko txikiago eta aurreratuagoak izatearen sekretua, teknologia berrien garapenaren arrazoia; informazio gizartera heltzen lagunduko gaituen mineral miragarria. Baina zoritxarrez gauzak ez dira hain politak. Koltanaren atzean errealitaterik odoltsuena eta krudelena dago. Alcatel, Compaq, Dell, Ericsson, HP, IBM, Lucent, Motorola, Nokia, Siemens, AMD, Hitachi, Intel, NEC eta beste hainbat multinazionalek, guk ezagutzerik nahi ez duten arazoak ezkutatu egiten dituzte. Enpresa horiek guztiek duten botereari esker, hedabide askotan ezagutzera ematen ez diren datuak daude. Baina, lasai, labur bada ere, “urre grisa” deitzen duten mineral honen egia batzuk azalduko baititugu jarraian.

Kongoko genozidioa

Munduko koltan gehiena, %80a, Afrikan dago; Kongoko Errepublika Demokratikoan dauden Ipar Kivu eta Hego Kivu lurraldeetan hain zuzen ere. Lurralde horiek Kongoko ekialdean daude, Ruandako mugatik oso gertu. Azken urteetan hainbat bider entzun ditugun hutu eta tutsien arteko ustezko gatazkak ematen diren lekuan. Izan ere, hedabideen arabera arazo tribalek eragindako hilketek, bortxaketek eta sarraskiek, herri aurreratuetako multinazionalek Kongoko baliabideen kontrola lortzeko egiten dituzten ahaleginak ezkutatzen dituzte.

Nazio Batuen Erakundeak auziaren inguruko txosten bat argitaratu zuen 2002. urtean: umeak esklabo bezala lan egiten zuten meatokiak zeudelako Kongoko koltana ez erostea gomendatzen zuen (16. paragrafoa). Egun, sakelako telefono egile gehienen webgunetan produktuen osagarri guztiek arau ekologiko denak betetzen dituztela eta produkzio kateko partaide guztien giza eskubideak errespetatuz lan egiten dutela irakur daiteke, baina, tamalez, gezur hutsa da. “Blood Coltan” dokumental bikainak erakusten duen bezala, multinazionalek Kongoko errebeldeak finantzatzen dituzte eta, horrenbestez, bahiketek, lapurretek, ustelkeriak eta indarkeriak betirako iraun dezakete. Inongo kontrolik gabe eta baldintzarik ankerrenetan lortutako koltana, jatorria Belgikan duen Traxys multinazionalak erosten du (Umicore Sogem bezala ere ezagutzen da), eta jarraian Txinako telefono lantegietara saltzen du. Izan ere, azken batean, Txina gaur egungo mundu globalizatuaren lantegia bihurtu da. Traxys multinazionalak ez du ordezkaritzarik Euskal Herrian, baina bai ordea Parisen, Madrilen eta Bartzelonan, munduko beste hogei hiri gehiagotan bezala.

Horrenbestez, Alcatel, Ericsson, Motorola, Nokia, Siemens eta antzekoek kontrakoa esan arren, ondo baino hobeto dakite beraiek diseinatzen dituzten sakelako telefono ultra-txikiek behar duten koltana nondik eta zein baldintzatan ateratzen den. Ipar eta Hego Kivutik ateratako koltanaren %60a -Bukavu edo Goma aireportuetatik ala kontrabandoz Ruandako aireportuetatik irteten da-, sakelako telefonoak eta antzeko gailuak egiteko erabiltzen da, baina tantalioak baditu beste hainbat erabilera ere: ordenagailu eramangarriak, bideo-jokoen kontsolak, DVD irakurgailuak, zuntz optikoa, hegazkinak, sateliteak, espazio ontziak, partikula abiarazleak, autogidatutako misilak, eta abar. Horregatik, sakelako telefonoak ekoizten dituzten konpainiez gain, bere burua demokratikotzat jotzen duten herrialdeetako beste enpresa ezagun askok ere zeresan handia dute koltanaren inguruko gehiegikerietan, hala nola Compaq, Dell, HP, IBM, Lucent, AMD, Hitachi, Intel, NEC eta abar.

Amesgaiztoa, guk eragina

Kongon gertatzen denaren inguruko datuak edonor beldurtzeko lain dira. Azken lau urteotan koltana eta beste metal preziatu batzuk bilatzen zebiltzan hiru miloi meatzari hil dira Kongon. Ez da ahaztu behar kongoarrak oso txiroak badira ere, beraien lurra oso aberatsa dela eta, koltanaz gain, urrea, diamanteak, niobioa eta beste mineral batzuk ere antzeko baldintzetan lortzen ditugula. Baina koltana lortzeko era oraindik krudelagoa dela esan dezakegu, ume mordoaren heriotza eragiten baitu.

Izan ere, koltana ez da meatzetan aurkitzen, lurraren gainazalean barreiatuta baizik. Azken ikerketek erakusten duten bezala, koltana duela 3.000 miloi urte sumendiak zeuden lekuen inguruan aurki daiteke. Sumendiek botatako hautsaren emaitza dela dirudi; hori dela eta, oso leku gutxitan dago eta, gainera, eskuratzen oso zaila da, lurreko gainazalaren eremu handiak txikitu behar baitira. Horrek Kongoko baso eta animaliengan duen eragina ahaztu gabe, meatokietan lan egiten dutenen gaineko eragina izugarria da.

Koltana bilatzeko egiten dituzten kobatxoetan sartzeko eta ibiltzeko aproposenak umeak dira, gorputz txikiak baitituzte. Motrailua eta zizela eskutan, beraien gaineko lurra apurtzen aritzen dira haurrak eta hori oso arriskutsua da. Zazpi eta hamabost urte bitarteko hainbat eta hainbat ume, eskola utzi eta inolako segurtasun neurririk gabe koltan bila aritzen dira kobazulo arriskutsuetan. Egunero Kongoko meatoki horietan 2.000 ume eta nekazari hiltzen dira zanpatuta. Bertatik ateratzen den koltan produkzioa kontuan hartuz, koltan kilogramo bakoitzak bi umeren heriotza suposatzen duela kalkulatu da.

Eta koltana bukatzean zer?

Petrolioa bezala, koltana ere bukatu egingo da. Denbora kontua besterik ez da. Bere ustiapena orain dela urte gutxi hasi bazen ere, laster horniketa arazoak hastea aurreikusten da. Bitartean, kaleko jendeak ez daki honi guztiari buruz ezertxo ere eta erabilitako koltanaren %20-%25 bakarrik birziklatzen dugu. Munduko koltan erreserben %80 Kongon dago, %10 Australian eta gainontzeko %10a Brasilen eta Thailandian. Daramagun abiadurarekin, urte gutxi barru koltana lortzeko arazo larriak izango ditugula dirudi.

Eta alternatibak aurkitzea ez da erraza. Tantalioak dituen ezaugarri paregabeetara heltzen den osagai bakarra paladioa da, “urre zuria” ere deitzen dena, baina koltana baino askoz urriagoa da eta ez luke ezertxo ere konponduko. Beraz, teknologia berri eta eramangarrien gero eta mendekotasun handiagoa duen gure gizarte honek hartu duen bidea, kale itsua izan daiteke. Noiz konturatuko gara daramagun martxa jasangaitza dela? Koltanak gure etorkizun hurbilean izango duen erabateko garrantziaz konturatu direnak gero eta gehiago dira eta koltana kontrolatzeko gerra gori-gorian dago.

Guk, bitartean, jarrai dezagun ezertaz arduratu gabe gure sakelako telefonoa erabiltzen eta aparatu elektronikoak barra-barra erosten, eragiten ari garen sufrimenduari eta sortzen ari garen arazoari inolako kasurik egin gabe.

Informazio gehiago:

  • Coltán: continúa el genocidio en el Congo
  • Congo: el negocio maldito del coltan
  • Coltán, el futuro insostenible
  • “Blood Coltan” dokumentala (50 minutu)

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2009ko abuztuaren 7an argitaratu da.

/ Etiketatua: afrika, gara, gaur8, haurrak, kapitalismoa, koltana, kongo

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress