• Ikusi makusi
  • Veo veo
  • I spy with my little eye
Ikusi makusi

This website is frozen and will not be updated more.
From now on the new information will be published at ikusimakusi.eus.

2015/12/31

Tag Archives: Gara

Adimen artifiziala

2008(e)ko azaroak 23 19:48 / / Txopi

adimen artifiziala
Irudi originala: Mats Halldin (CC BY-SA 2.0)

Gizakiok historian zehar garai askotan eta era askotan amestu dugu gauza bizigabeak bizidun bihurtzen zirela. Orain dela ez askora arte, era horretako eraldaketetan magia egoten zen tartean. Adibidez, Pinotxo egurrezko panpina mutiko bat bihurtzen zeneko ipuinean. Edo Oz-eko magoaren istorioan, beste pertsonaia batzuren artean bihotz bat bilatzen zuen latorrizko gizon bat agertzen zelarik.

Denborarekin magia albo batera uzten joan gara, eta gaur egun bizidun artifizialak sortzeko zientzia eta teknologia iruditzen zaizkigu bide sinesgarriagoak. Horren lehen adibidetako bat Frankensteinen istorioa izan daiteke. Ondoren beste asko eta asko etorri dira. “Gerrazko jokoak” filmean, txat baten bitartez hitz egiteko gai den ordenagailu boteretsu batek gerra nuklearra eragiteko zorian dago. “Galaxietako Gerra” nobelan, besteren artean, C3-PO robot xelebrea agertzen da, ehunka hizkuntza hitz egin eta itzultzeko gai dena. “2001 espazioko odisean”, espazio-ontzi osoa kontrolatzen duen ordenagailu eraginkorra agertzen da, HAL9000, astronautek diotena ulertu eta entzuteko gai dena, baita ezpainak irakurrita ere. “Berrehun urteko gizona” izeneko filmaren protagonista robot bat da eta ekinaren ekinez gizakiek bera gizakitzat onartzea lortzen du, nahiz eta berak jatorri desberdina izan. “Alien” saileko filmeetan berriz, androideak agertzen dira, hau da, gizaki itxura duten robotak eta, gainera, benetako gizakietatik desberdintzen zailak direnak. Gauza bera “Terminator” filmeko robotekin, “Blade Runner” filmeko replikanteekin, “I.A. Adimen Artifiziala” filmeko ordezko umea eta sexurako mekarekin eta abar. Hain justu, Steven Spilberg-en film honen bukaeran, “Abyss” filmean agertzen diren beste robot mota berezi batzuk agertzen dira, estralurtarrek sortutako robotak.

Gizaki adimentsuak

Esan bezala, era askotako bizidun artifizialak irudikatu ditugu, baina gure ipuin, nobela, film, komiki eta abarretan bada beste bizidun artifizial mota bat. Teknologiari esker gorputz fisikorik behar ez duen adimen arfifiziala (AA) garbia. Ziberpunk estiloaren sorrera suposatu zuen “Neuromancer” nobelan adibidez, Wintermite era horretako gizaki adimentsua da, eta “izotza” deitzen den Internet antzeko batean bizi da. “Akira” komikian AA misteriotsu bat agertzen da, eta “Max Headroom” telesailean AA berritsu eta barregarri bat. Ikus daitekeenez, adibideak zenbaezinak dira. Hala ere, argitu beharra dago, “Robocop” bezalako ziborgak kanpoan utzi beharra dagoela, horiek benetako gizakiak baitira, baina gorputz atal elektronikoekin, protesiekin eta antzeko gehigarriekin hobetuak. Beraz, hor ez legoke bizitza artifizialik.

Gizakion burmuina naturak sortu duen gauza konplexuenetakoa da, eta gauza benetan txundigarriak egiteko gai da

Orduan zer da bizidun artifizial bat? Gorputz atal artifizialen bat duena ala burmuina, pentsatzeko tresna, artifiziala duena? Nire ustez, bigarrena. Gizakion burmuina naturak sortu duen gauza konplexuenetakoa da, eta gauza benetan txundigarriak egiteko gai da. Gu konturatu gabe arnasa eta gorputzeko hainbat prosezu erregulatzen ditu, eta zentzumenen bitartez jasotzen dugun informazio guztia oso era zehatz eta azkarrean kudeatzen du. Eboluzioari esker, gizakion burmuina gure beharretara oso moldatua dago. Adibidez, begiekin bi dimentsiotan ikusten dugun errealitatea hiru dimentsioatan somatzeko gai gara, grabitatearen eraginez mugitzen den objektu batek zein ibilbide egingo duen aurreikusteko gai gara, zarata handia duen informazioaren (soinua, irudia) sekulako ulermen gaitasuna dugu… Eta hau dena ahalegin handirik egin gabe lortzen dugu, ia konturatu ere egin gabe.

Burmuinaren garrantzia

Esandako guztia gutxi balitz, gizakiok, gure burmuinari esker, sentimeduak ditugu, autokontzienteak gara, umorea dugu, sortzaileak gara, oso azkar moldatzen gara egoera berrietara, informazio partzialarekin erabaki egokiak hartzeko gaitasun bikaina dugu, gure kabuz ikasteko gai gara, inprobisatu egiten dugu… Benetako ordenagailuek, gaur egunekoek (ez filmeetan agertzen direnek), gauza horiek guztiak egiteko gai al dira? Ia bat ere ez, eta gai izatekotan partzialki eta oso era traketsean.

Gure burmuinak 100.000 neurona ditu, beraien arteko loturak 100 biloira heltzen dira eta neurozientzialariek sare erraldoi horren funtzionamendua gainetik besterik ez dute ulertzen

Burmuina, gizakion gorputz osoaren pisuarekin alderatuz ez da asko, %2a besterik ez, baina kontsumitzen duen oxigenoa eta energia askoz gehiago da, %20a. Jaikitzen garenetik oheratzen garen arte (seguru aski lo gaudela ere bai) egiten dituen etengabeko lan konplexuak ikusita, ez da harritzekoa hainbeste energia behar izatea. Gure burmuinak 100.000 neurona ditu, beraien arteko loturak 100 biloira heltzen dira eta neurozientzialariek sare erraldoi horren funtzionamendua gainetik besterik ez dute ulertzen. Askotan kontrakoa iruditzen bazaigu ere, horrelako biomakina konplexu eta findu baten aurrean gure ordenagailu txotxoloak oso traketsak dira.

Asko kostata, baina ingeniari eta informatikariek lortu dute gu bezala zango birekin ibiltzeko gai den robota sortzea, arrautza bat eskuekin irekitzeko gai dena edo biolin bat ganoraz jotzeko gai dena. Atasa hauek bere garaian benetako erronkak izan ziren horrelako gauzak egin ahal izateko, koordinazioa, zehaztasuna, zentzumenekin lotutako informazio mordoa prozesatzeko gaitasuna eta erantzun bizkorra behar baitira. Baina robotika, aurrerapen teknologikoei esker, gutxi-gutxika bada ere, aurrera doa. Giza adimenaren pareko adimen artifiziala sortzea berriz beste kontu bat da. Arlo honetan, aurrerapenak askoz txikiagoak izan dira, eta gaur egungo teknikekin (neurona sare artifizialak, araudun sistema adituak) ez dago nondik asko tiratu ere.

Filmetako robot adimentsuetatik urrun

Telefono bitartez agente automatiko batekin “hizketan” aritu behar izan dugunok, ondotxo dakigu sistema hauek zein belarri gogorrak izaten diren

Adimen artifizial bat, ahotsak ezagutzeko (entzun) gai izan beharko litzateke eta baita ahotsaren sintesia egiteko (hitz egin) ere. Telefono bitartez agente automatiko batekin “hizketan” aritu behar izan dugunok, ondotxo dakigu sistema hauek zein belarri gogorrak izaten diren. Ikusmen artifiziala berriz, orain dela hamarkada batzuk ikertzen hasi bazen ere, oraindik ere jaioberria izaten jarraitzen du. Ordenagailuek kalkulu mordoa egin ondoren objektuen soslaia ezagutzea ozta-ozta lortu da eta arazo askorekin. Lurrean dagoen marra argi bat jarraitzea, bestalde, aspaldi lortu zen, baina horrek zailtasun askorik ez duela ere aitortu beharra dago. Hizkuntzari dagokionez, lengoaia naturalen prozesamendua (LNP) deitzen dena ere erronka ederra bihurtu da. Testuen itzultzaile automatikoen saiakerak eta Youtubek (Googlen teknologiaz ere baliatuz) bideoetan azpitituluak automatikoki ikusteko duen aukera berria, horren erakusgarri dira.

Adimen artifizialek hizkuntzarekin lan egiteko duten gaitasuna, gizakiokin gertatzen den bezala, aditu askoren ustez, adimenaren gakoa izan daiteke. Izan ere, informazio mota guztiak kode edo hizkuntza motak dira finean. Horregatik, Alan Turing matematikari ospetsuak, sistema artifizial bat adimentsua den ala ez erabaki ahal izateko, Turingen froga deitzen dena asmatu zuen. Pantailaren mutur batean azterketa egingo duen gizakia jarri eta beste muturrean biotako bat, adimentsua den ala ez jakin nahi dugun ordenagailua edo beste pertsona bat. Elkarrizketa baten ondoren, ordenagailuak aztertzaileari pertsona batekin txat-ean aritu dela pentsarazten badio, froga pasatuko du eta adimentsua dela ondorioztatu daiteke. Horrelako lehiaketa bat ospatzen da urtero eta aurten Elbot izeneko programa batek errekorra egin du, aztertzaileak elkarrizketen %25ean engainatzea lortuz. Beraz, filmeetako robot adimentsuetatik oso urrun gaude oraindik, baina egunen batean nork daki…

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko azaroaren 8an argitaratu da.

/ Etiketatua: aa, adimen artifiziala, adimena, araudun sistema aditua, burmuina, gara, gaur8, lnp, neurona sare artifiziala, turing

Estatuen zelatatze sistemak

2008(e)ko urriak 19 20:09 / / Txopi

segurtasun kamera
Irudi originala

Edonork onartuko duen bezala, pertsona ororen bizitzan intimitate esparru bat mantentzea garrantzitsua da. Lagun hurkoekin konfiantzaz eta konfidentzialtasunez hitz egin eta erlazionatzeko aukera izatea ere funtsezkoa iruditzen zaigu. Gizarte aske batean beraz, bakoitzak bere bizitzaren pribatutasuna kudeatzea ezinbestekoa dela esan dezakegu. Hau da, pribatutasuna oinarrizko eskubide bat dela. Aurrekoarekin ados bazaude, arazo bat daukazu. Izan ere, garatutako estatuak deitzen direnek (Euskal Herria hartzen duten biek barne) bere biztanleen pribatutasuna sistematikoki urratzen baitute. Beraz, edo pribatutasuna ez da eskubide bat edo ez gara gizarte aske batean bizi. Emango ditudan datuak irakurri eta zuk zeuk erabaki…

Teknologiaren aurrerapenei esker gero eta informazio digital gehiago eta ugariagoa dagoen gizarte batean bizi gara. Informazio hori era egokian erabiliz gero onurak lortuko ditugu, baina horrela ez bada, kaltetuak ere atera gaitezke. Adibidez, auto istripu bat badaukagu eta medikuak guregana heldu eta batera gure historia kliniko osoa eskura badauka, ziur poztuko garela. Baina gure datuak eman ez arren, mota guztietako saltzaileek etxera deitu eta gure galde egiten badute, ziur ez digula inolako graziarik egingo. Orain arte argi. Baina Travel Club-ek bezala doako bidaiak eta opariak ematen dituen txartel bat eskaintzen digutenean, zalantza izpirik gabe ematen ditugu gure familiari buruzko datuak (pertsona kopurua, adina…), gure aurreko erosketak azter ditzaten eta gure gaur egungo eroste jokaerak gidatzen saia daitezen. Baina utz ditzagun alde batera datu-bilketa teknika engainagarriak, informazio pribatuen ihesaldi salagarriak, legez kontrako salerosketak eta abar. Eta mintza gaitezen estatuek biztanleei buruz biltzen dituzten datu pribatuez.

Munduko estatu gehienek dituzte aberriaren segurtasuna defendatzeko ei diren datu-base sekretuak. Baina azkenaldian, antolatutako krimenaren arriskua eta terrorismo internazionalaren mamuak aitzakiatzat erabiliz, biztanleria osoaren datuak biltzea publikoki onartzea lortu dute. Eta hori oso kaltegarria izan daiteke. Ameriketako Estatu Batuetan adibidez, World Trade Centerreko triskantza gertatu ondoren, ia oztoporik gabe onartu zen USA Patriot Act delako legea, non biztanle oro terrorista susmagarria den eta bere pribatutasunak ahuntzaren gauerdiko eztula baino ez duen balio.

Munduko estatu gehienek dituzte aberriaren segurtasuna defendatzeko ei diren datu-base sekretuak

Estatu frantsesean, berriz, olatu terrorista heldu ez bada ere, jendea udako oporretan zegoela aprobetxatuz, EVIDGE izeneko datu-basea informazioz betetzen hastea erabaki dute. Beraz, bertan, 13 urtetik gorako biztanle guztien datu pribatuak gordetzen hasi dira. Besteak beste, joera sexuala, lanbidea, etxeko helbidea, telefono zenbakiak, helbide elektronikoak, bankuko kontuak, aurrekari penalak, zure gertuko senide eta pertsonen izenak, eta baita zure argazki eta bideoak ere. Hain sentiberak diren datu hauen guztien bilketak arrisku berri asko sortzen dituela esan beharrik ez dago. Estatu frantsesak bazuen aurretik helburu berdintsuak zituen Cristina izeneko beste datu-base sekretu bat, baina bertan baieztatutako terroristak eta kriminalak bakarrik zeuden eta gizartea segurtatzeko jende guztia zelatatu beharra zegoen antza.

Estatu frantsesean, EVIDGE izeneko datu-basea informazioz betetzen hastea erabaki dute

Estatu espainiarrean, publikoki behintzat, ez dago biztanleria guztia zelatatzeko erabiltzen den datu-baserik, baina badira aberriaren defentsarako erabiltzen diren beste datu-base asko. Informazio gehiena BERTA eta Ahumada Dukea izeneko ordenagailu babestu bitan dago gordeta.

SUBA izeneko sistema bateratu berri baten bitartez, Guardia Zibilak, Udaltzaingoak eta tokian tokiko poliziek (Hego Euskal Herriaren kasuan Ertzaintzak), era guztietako informazioa kudeatzen dute: NAN, pasaportea, biztanle erroldak, isunak, adimen kriminala (GATI), Schengen informazio sistema (SIS), polizia salaketa sistema (SIDENPOL), SIGO, belarri markak, oinetako markak (SICAR-5), ahots ezagutze sistema, balistika (SAIB), hatz-marka ezagutze sistema automatikoa (SAID), profil genetikoen datu-baseak, gai kriminalak (INT-ADN), auto alokairuak, BARCOS, Gibraltarreko itsas-trafikoa (ESTRECHO), PEDERASTIA eta abar.

Interneteko komunikazioei dagokionez, Ameriketako Estatu Batuetan DragonWare Suite deitzen dutena garatu dute. Hiru sistema desberdin batzen ditu (Carnivore, Packeteer eta Coolminer) baina ezagunena zalantzarik gabe Carnivore delakoa da. Interneteko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetan, komunikazio guztiak zelatatzen dituen kutxa bat instalatzen dute, eta Carnivore delakoak, zelatatu behar dituen helburuak jaso ondoren, bertatik pasatzen diren e-mail, webgune, chat elkarrizketa eta beste komunikazio mota batzuk zelatatzen ditu, FBIri interesgarriak diren datuak bidaliz. Europa eta Asiako 60 estatutan, berriz, Siemens enpresak garatutako Plataforma Adimentsua erabiltzen dute. Sistema honek ere komunikazioak zelatatzen dituen kutxa bat erabiltzen du, eta Interneteko komunikazio mota askoren artean Internet bidezko konferentziak ere zelatatzeko gai ei da.

Estatu espainiarrean, informazio gehiena BERTA eta Ahumada Dukea izeneko ordenagailu babestu bitan dago gordeta

Baina zelatatze sistemetaz ari bagara, ezin dugu munduko handiena aipatu gabe utzi. Ingelesez hitz egiten duten Australia, Kanada, Zelanda Berria, Erresuma Batua eta Ameriketako Estatu Batuek, Echelon izenarekin ezagutzen den espioitza-sare bat daukate. Sistema honek guztira 120 lur estazio eta satelite izango lituzke, Internet osoko komunikazioen %90 zelatatuko luke eta mundu osoan 100.000 pertsonek egingo lukete lan Echelonentzako. Bere garaian Sobietar Batasunaren aurka egiteko sortu bazen ere, badirudi orain Echelon terroristen aurka, narkotrafikoaren kontra eta adimen politiko eta diplomatikorako tresna bezala erabiltzen dela. Kritikoek diotenaren arabera, espioitza ekonomikorako ere erabiltzen da. Dirudienez, Echelonek emandako informazioari esker, Airbus enpresa europarrak 6.000 miloiko kontratu erraldoi bat galdu zuen Boeing enpresa estatubatuarraren mesedetan. Europak erantzun du antza eta Enfopol izeneko beste sistema bat mantentzen du.

Ikus daitekeenez, gure pribatutasuna pentsatu baino askoz gehiagotan urratzen da. Ezin dugu jakin ez zein informazio biltzen den ezta zuzena den ere. Eta okerragoa dena, ezin dugu kontrolatu informazio hori zertarako erabiltzen den. Hori gutxi balitz, garatutako herriak deitzen diren estatuak izu-espiral batean sartu direla dirudi. Biztanleriaren pribatutasun eskubidea murrizten jarraituz gero, pribatutasun oro galaraztera hel gaitezke, George Orwellen “1984″ eleberrian bezala estatua dena dakien “Anaia Handia” bihurtuz. Indar osoz gaitzetsi beharra dagoen ekimen tamalgarria da Estatu frantsesak egin berri duena: biztanleriari pribatutasuna ukatu dio, terrorismo internazionalaren mamu ikusezinari eta neurtezinari aurka egiteko. Benetan merezi al du sakrifizioak? Badira hau guztia aitzakia besterik ez dela pentsatzen dutenak.

“Behin-behineko segurtasun baten truke oinarrizko askatasun bati uko egiten diotenek, ez dute ez askatasuna ez segurtasuna merezi”

Gu jabetu ere egin gabe, gizartea gero eta kontrolatuagoa eta mantsoagoa bihurtzea da honen guztiaren helburu argia. Ez dakit joera hau zerk eragindakoa den, baina badaezpada, bukatzeko, Benjamin Franklinek esandako hitz hauek ekarri nahi ditut hona: behin-behineko segurtasun baten truke oinarrizko askatasun bati uko egiten diotenek, ez dute ez askatasuna ez segurtasuna merezi.

Informazio gehiago:

  • Bruselas apuesta por la creación de una red paneuropea de bases de datos policiales
  • Sarkozy pone en marcha la ‘Policía del Pensamiento’
  • Sistema Unificado de Consultas de las Bases de Datos (SUBA)
  • How the FBI’S Carnivore System Works
  • Carnivore (software)
  • ECHELON
  • Enfopol

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko irailaren 13an argitaratu da.

Erlaziodun artikuluak:

  • Isiltasun Gizartearen legea heldu da
/ Etiketatua: carnivore, echelon, enfopol, evidge, gara, gaur8, zelataketa

Jabetza publikoa

2008(e)ko irailak 14 14:48 / / Txopi

e-book bat
Irudi originala

Film edo kantu batek copyrighta daukala esaten digutenean, nahiko argi daukagu horrek zer esan nahi duen. Argazki edo eleberri bat jabetza publikoan dagoela esaten digutenean, berriz, ez daukagu hain argi horrek zer esan nahi duen, ezta zer suposatzen duen ere. Bati baino gehiago harrigarria irudituko bazaio ere, gizakiok gizaki garenetik, mundu zabalean zehar hainbeste urte, mende eta milurtekotan sortutako ezagutza guztia jabetza publiko deitzen den eremu horretan dago. Hau da, nahi duenak, nahi duenean erabiltzeko prest dago. Horri esker eboluzionatu du gizateriak gaur egun garenera izatera heldu arte. Hizkuntzak, nekazaritzak, sukaldaritzak, arteak, kulturak, zientziak eta abarrek aurrera egiterik izan badute, etengabeko erabilpen, berrerabilpen eta moldaketa jasan dutelako izan da. Gizakiak ezagutzaren birziklapenerako duen joera natural hori bermatzen duena, jabetza publikoa da.

Agian zuk, irakurle, ez zenuen hitz zehatzaren berri, baina ziur nago aipatutako funtsezko fenomeno hau aurretik ezagutzen zenuela. Eta ez zara bakarra. Gabriel Arestik, adibidez, hurrengoa zioen: “Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde eta debalde ematen diot herriaren belarriari”. Isaac Newtonek, berriz, hurrengo hau esaten nuen: “Urrutiago ikusi ahal izan badut, erraldoien lepoan eserita nagoelako izan da”. Musikaren, zientziaren eta orokorrean giza ezagutzaren partekatzeaz denok ados gaudela esan dezakegu. Horren seinale da baita, gaur egun, munduko legedia gehienek jabetza publikoa aintzat hartzen dutela eta tokiko ondare kulturala babestea eta zabaldua izatea sustatzen dutela.

Horretaz gain, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) irekitako bideari jarraituz, munduko legedia askok copyright bezala ezagutzen dugun eskubidea arautu dute azken bi mendeetan zehar. Gizateriak bere sorreratik izandako garapen luzearekin konparatuz gero, Bernako hitzarmena zinatu zenetik ona pasatu diren 127 urteak ahuntzaren gauerdiko eztula baino ez dira, baina gu orainaldian bizi garenez, gaur egungo legediak guregan du eragina eta, etorkizunari begira, oso kontutan izan behar dugu.

Copyright deitzen dugunak, berez, bi eskubide mota biltzen ditu. Alde batetik, egileak bere lanekiko dituen eskubide moralak (egile eskubideak), eta, bestetik, egileak bere lan intelektualak kopiatzea eta zabaltzea baimentzeko duen eskubide esklusiboa (copyrighta). AEBetan copyrighta legeztatu zenean, esklabutza -hau da, pertsonen jabetza-, existitu egiten zen oraindik ere. Gaur egun, esklabutza itsusia baino itsusiagoa iruditzen bazaigu ere, copyrighta -hau da, lan intelektualen jabetza-, gauza naturala bezala ikusten dugu. Paradoxikoa benetan. Nola aldatzen diren gauzak, ezta?

Gaur egungo legeen arabera, norbaitek ipuin bat, marrazki bat edo bertso bat sortzen duen momentuan, automatikoki, egileak lan intelektual horren copyrighta dauka. Horrek esan nahi du egilearen baimenik gabe ezin dela lan hori ikusi, entzun edo irakurri. Ezta euskaratu ere. Eta are gutxiago lana kopiatu eta zabaldu. Beraz, ez da jabetza publikora heltzen. Baina lasai, copyrightak eskubide esklusibo horiek epe baterako bakarrik ematen ditu. Gero, lan guztiak, ezagutza guztiak, jabetza publikora pasatzen dira. Epe hori igaro ondoren, beraz, copyrighta iraungi egiten da eta nahi duenak, nahi duenean, lan horiek ikusi, entzun, irakurri eta birziklatu egin ditzake, giza ezagutzaren metabolismoak lanean jarrai dezan. Eskerrak, ezta? Bestela gizateriaren eboluzioa eragotziko genuke eta, horrek, oso arriskutsua ematen du.

Kontua da copyright eskubidearen babesa gero eta luzeagoa bihurtzen ari dela. Sortu zenean, copyrightak lana 14 urtez babesten zuen, egileak lana sortzean egindako ahalegina berreskuratzeko denbora izan zezan. Orduan epe horrek egokia zirudien eta, gizartea bizkortzen eta dinamikoago bihurtzen joan den heinean, epea laburtu izana logikoa litzateke. Aldiz, alderantziz gertatu da, epea luzatuz eta luzatuz joan da. Copyrightaren babesa, lana sortu eta 14 urtetik 28 urtera pasatu zen, gero 42ra, gero 56ra… Harrigarria badirudi ere, egun, Euskal Herrian, copyright eskubidea egilea hil eta 70 urtera arte luzatzen da. Hau da, egilearen oinordekoek aitak, aitonak edo birraitonak egindako lan batengatik etekinak jaso ditzakete. Eta noski, etekinak jaso ala ez, urte guzti horietan zehar lanak jabetza publikoa aberastu gabe jarraitzen du. Nire ustez, copyrightaren babes hori ez da zuzena; are gehiago, giza ezagutzak aurrera egiteko duen era kaltetu egiten du.

Egileak lan bat sortzen duenean, naiz eta aurretik egindako lanengatik guztiz eraginda egon, nolabaiteko ekarpena egiten du, eta ekarpen horrengatik saritua izatea guztiz zuzena da. Baina copyrightaren mozkinak bakarrik ikusten baditugu, ez ditugu jabetza publikoak gizateriari ekartzen dizkion onura baliotsuak ikusiko eta, azkenean, gure helburua zenaren kontrakoa lortuko dugu; hau da, sormena sustatu beharrean, sormena oztopatzea.

Informazio gehiago:

  • Jabetza publikoa
  • El anillo de oro. Inteligencia colectiva y propiedad intelectual.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko abuztuaren 16an argitaratu da.

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: gara, gaur8, jabetza intelektuala, jabetza publikoa

Liburuaren etorkizuna

2008(e)ko abuztuak 10 3:54 / 4 iruzkin / Txopi

Gure gizartean, informazioa gero eta digitalizatuagoa dago. Gutunek eta faxek mezu elektronikoei eta SMSei egin diote lekua. Bideo eta argazki kamera digitalek, gailu analogikoak ia guztiz ordezkatu dituzte. Zenbatek bidaltzen ditu gutunak oraindik posta arruntaren bitartez? Zenbatek ditu gaur egun argazkiak egiteko eta musika entzuteko ere balio duten telefono eramangarri eta miragarri horietakoak? Teknologiak gauza asko aldatu ditu gure eguneroko bizitzan eta etorkizun hurbilean aldaketa dexente eragiten jarraituko duela dirudi.

e-book bat
Bilboko metroan, e-book bat erabiltzen
Irudi originala

Hala ere, badago olatu digitalizatzaileak oraindik ordeztu ezin izan duen gailu analogiko bat; paperezko liburuaz ari naiz, eta berarekin batera paperezko aldizkari, egunkari, komiki eta abarrez. Desberdintasun honen arrazoia, koadernatutako paperaren ezaugarri fisikoetan aurkitzen da. Gizakiontzat, tintatutako paper zatiak irakurtzea hain da erosoa, orain arte asmatu den tramankulu elektroniko ergonomikoenak ere konpetentzia eskasa egiten diola paperezko liburu arrunt bati. Aukera izanez gero, nork irakurriko luke egunkaria bere telefono eramangarriko pantailatxoan? Liburu bat parkean lasai-lasai irakurtzeko gogoa izanez gero, nork eramango luke bere ordenagailu eramangarria horretarako? Nori komeni zaio hain garestiak diren PDA, TabletPC edo antzeko ordenagailu txikirik erostea noizbehinka zerbait irakurtzeko? Zaila badirudi ere, teknologia arlo honetan ere aurrera egiten ari da eta paperezko liburu eta abarren alternatibak gero eta erakargarriagoak dira. Izan ere, alde batetik irakurtzeko gero eta eduki digital gehiago dago (liburu digitalak) eta beste aldetik e-book edo liburu elektronikoak deitzen diren gailuetan ere hobekuntza garrantzitsuak izaten ari dira.

Liburu digitalak

Gaur egun, aldizkari asko eta egunkari gehienak Interneten eskuragarri daude (adibidez HTML formatuan edo PDF formatuan). Jabetza publikoan dauden edo egileek kopiatzea lagatzen duten ehunka mila liburu berri ere aurki ditzakegu (Gutenberg, Archive, Google books, ManyBooks), baita euskaraz ere (Klasikoen Gordailua). Hizkuntza eta gai desberdinetako e-book edo liburu digitalak saltzen dituzten webguneak ere badira (eBookMall, eBooks). Zure idatziak autoeditatzen laguntzen dizuten webguneak ere agertu dira azkenaldian, bertsio digitala sarean argitaratuz eta inork paperezko inprimakia eskatuz gero, momentuan inprimatuz eta etxera bidaliz (lulu, bubok, elaleph). Ikus daitekeenez, liburu digitalek ez dituzte paperezko liburuek dituzten muga gehienak: inprimatzeko eta banatzeko gastua eta denbora, biltegi fisikoen beharra, ale gutxiko liburuak inprimatzea merezi ez izatea, liburu zahar edo arraroak aurkitzeko arazoak, etab. Ikusmen arazoak dituztenentzat idatzi digitalak informazio iturri paregabea izan daitezkela ere kontutan eduki behar da. Baita liburu digitalekin paperezko liburuekin dauden artekari asko behar ez direla ere: maketatzaileak, inprimatzaileak, banatzaileak, saltzaileak, etab. Kostuen gutxitzeak, prezioen gutxitzea ere badakar noski. Baina liburu digitalek arazo edo erronka berriren batzuk ere sortzen dituzte. Batez ere, edukien kopiak kontrolatzeko zailtasunak: paperezko liburu bat fotokopiatzea, dendan originala erostea baino garestiagoa izaten da, eta ordenagailu fitxategi bat kopiatzea berriz oso erraza, azkarra eta merkea da. Ezin dugu ahaztu, paperezko liburu eta abarren arloan lan egiten dutenek, saldutako ale kopuruaren arabera jaso izan dutela dirua. Baina informazio digitalaren garai honetan, software arloan hasi zen eraldaketa, musika arlora heldu zen eta gizarteak aurrera egin ahala, liburu digitalak aleka saltzea gero eta anakronikoagoa dirudi. Bilboko metroan jende askok irakurtzen ditu egunkariak, baina egunkari horiek irakurleentzako doakoak dira, publizitatearen bitartez finantzatzen bait dira. Eduki digitalek zenbat eta garrantzi handiago izan kazetaritzan eta musikagintzan negozio ereduak eraldatzen doaz, eta liburugintzak ere negozio eredu berriak bilatzen hasi beharko du besteek bezala.

Liburu elektronikoak

Orain arte liburu digitalei buruz aritu gara, hau da, testua eta irudiak dituzten eduki digitalei buruz (PDF dokumentuak eta abar). Batzuek e-book deitzen diete liburu digitalei baina nik nahiago dut ingelesezko e-book hitzaren itzulpena, liburu elektronikoa, eduki digitalak irakurtzeko balio duten gailuentzako erabiltzea. Lehen esan bezala, gizakiontzat liburu arrunt bat irakurtzea oso eroso da eta orain arteko gailuek ez dute koadernatutako paper tintatu sorta batek dituen ezaugarriak kopiatzea lortu. Orain dela gutxira arte behintzat horrela zen, baina gaur egun gauzak aldatu dira.

Merkatuan MP3 musika entzuteko espresuki sortutako gailuak aurki ditzakegun moduan, liburuak eta antzeko eduki digitalak irakurtzeko espresuki sortutako gailuak ere badaude. Gailu hauek ez dira PDA, TabletPC edo antzeko ordenagailu ahaltsuak, baizik eta irakurtzeko bakarrik balio duten aparatuak. Beraz, besteak baino askoz merkeagoak dira. Gainera, liburu elektroniko berrienek paper elektronikoa deitzen den teknologia bat erabiltzen dute eta beste tramankuluek ez bezala, pantailak ez du energia etengabe gastatzen, baizik eta orrialdea pasatzen dugunean bakarrik. Era honetan, bateriak ordu mordoa irauten du. Gainera, paper elektroniko delakoak ez du argia igortzen eta, benetako paperean bezala, badirudi hizkiak margotuta daudela. Hori guztia gutxi balitz, benetako papera bezala, testua angelu guztietatik irakur daiteke inolako arazorik gabe. Amazon liburu saltzailearen Kindle izeneko liburu elektronikoak adibidez, aparailua ordenagailu batera konektatu beharrik ere ez daukagu liburuak lortzeko, Wireless teknologiaren bitartez bere kabuz konektatu bait daiteke Internetera eta eduki desberdinak kopiatu. Liburu elektronikoek eduki dexente gordetzeko memoria dute eta beraz, liburu bakar batean hainbat egunkari, liburu eta dokumentu desberdin gorde ditzakegu, gure liburutegi pertsonala sortuz. Eta ez hori bakarrik, testuak azpimarratzeko aukera daukagu, apunteak hartu, lagunekin liburuak partekatu eta abar. Paparezko liburuek dituzten ezaugarri berberak, baina aukera berri eta interesgarri askorekin. Horregatik guztiagatik agian, Gartner bezalako aholkularitza entzutetsuak, 2012. urtea bitartean arrakasta gehien izango duten teknologien artean paper digitala aipatzen du.

Eskuko telefonoarekin gertatu den bezala, MP3 gailuak sortu eta urte gutxira barra-barra saltzen dira, baina aditu askoren iritziz gailu guztiak bakarrean batzeko joera dago (erlojua + telefonoa + kamera + irratia + mp3 musika + telebista). Beraz, ez dakit liburu elektronikoek noiz arte egingo duten beren bidea bakarrik, baina liburu digitalek etorkizun handia dutela argi dago. Gero eta eduki digital gehiago egongo dela ukaezina da eta paperezko liburu, aldizkari eta egunkariek aldaketa hauek guztiak oso kontuan eduki behar dituztela iruditzen zait.

Informazio gehiago:

  • Liburua, objektu sofistikatu hori
  • Liburu-irakurgailu elektronikoak: Etorkizuneko orrialdeak
  • Liburu elektronikoaren borroka
  • Kindle erosi, bai ala ez?
  • 40 sitios para descargar libros de forma gratuita
  • Why Aren’t Ebooks More Successful?
  • E-ink
  • Lectores de libros de tinta electrónica
  • Bilboko liburu-denda bat liburu elektronikoak saltzen hasi da

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu dut eta 2008ko abuztuaren 2an argitaratu da.

Beste hizkuntzak: castellano

/ Etiketatua: e-book, gara, gaur8, liburu digitala, liburu elektronikoa, liburua, paper elektronikoa

Bidalketa nabigazioa

« Aurrekoa 1 … 3 4 5

Azken iruzkinak

  • gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • @gorkaazk(e)k Ideia baten jabe izan zaitezke? bidalketan
  • Txopi(e)k Liburuaren etorkizuna bidalketan
  • Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea | zuzeu.com(e)k Sare sozialen sukarra Donostian bidalketan

Azken bidalketak

  • ikusimakusi.net –> ikusimakusi.eus
  • Sare sozialen sukarra Sestaon
  • Irailetik aurrera Bimbo ogia Chilly deituko da
  • Sagardoaren dieta hemen da!
  • AZTI-Tecnaliak Doraemon-en surf taula hegalaria sortu du

Etiketak

aeb alderdi politikoak azkue fundazioa barakaldo batasuna bilbo blogak cc0 crabgrass creative commons cryptosms d3m donostia e-book eaj eduki libreak euskara gara gaur8 gnupg hitzaldia internet irudigintza izparringia jabetza intelektuala jabetza publikoa kriptografia kultura librea leioa meta musika p2p politika politika 2.0 psoe sare sozialak sgae software askea software librea SVG tailerra umorea upv/ehu web 2.0 wikipedia
© Copyright lizentzia: Bat ere ez! (jabetza publikoa)
Ostatzailea: Sindominio
Infinity itxura nork: DesignCoral / WordPress